Taberna zulotik idatzitako hitzak. Ideiak, paranoiak,ametsak,...

2006/01/30

Gasolin

Horixe da bere izena, Gasolin. Hainbat ordu pasa ditugu bertan, hainbat galdera eta hainbat erantzun. Kataluniako Estatut berria, euskal arazoa, kurduak, Münster, Unibertsitatea, Unibertsitate ostea, ametsak, errealitatea, etorkizuna, iragana, oraina, tristezia, poztasuna, festak, neskak, homosexualitatea, musika, Wir Sind Helden, mutil laguna, neska lagun ohia, gustuko duzun hori, ezagutu nahi duzun hori, Air Berlin, HLX, Amsterdam, drogak, ardo beroa, gabonak, lakua, Aldi, Amonaren Etxea, turkoak, turkak,...ezin amaitu.

Kale arruntean kokatua dago Gasolin, arrunta baina atzo esan zenidan bezala zer edo zer du kale horrek. Aasee-tik gertu, unibertsitateko jantokia ere bertatik, Lidl eta Aegedi Markt ere hurbil, internet eskura. Expresso edo Cacao mit Sahne-en laguntzaz denetarik ikusi dugu bertan. Lagunaren negarra, barrea, kezka eta algara, albokoen begirada, lizunkeriren bat edo beste, txiste txarren bat,...adibidez hauxe(erderaz):

Argentinan gaude eta semeak aitari zera esaten dio(argentinar hizkerarekin hobeto):

-Papa, papa, yo de mayor quiero ser como vos.
-Como yo, hijo? y eso por que?
-Para tener un hijo como yo.

Argentinarrak izan gara asteburu horretan, behintzat paper hori jokatu dugu. Barre pila egin daiteke horrekin, edo ez. Kristorenak ere entzun behar izaten ditu aktore batek, aktore txarrak behintzat, kritika eraikitzaile bezala hartu behar. Tekilak 50 zentimora saltzen dituztenean oso onak ezin izan, beno, ohitura bihurtu den ezkero jarraitu egin behar.

Asteburu batzuk beste batzuk baino interesgarriagoak izaten dira. Azken honetan gauza pila ikusteko aukera izan dugu, denak ez oso onak. Arazoak albotik pasatzen ikusten dituzunean ikasgai baten moduan hartu behar dira hauek. Sufrimendu larregi ikusten da mundu aurreratu honetan. Pozik al gaude egiten ari garenarekin? Norbera diot. Berri Txarrak-ekoek dioten bezela:

Aske zarete, libre ©
zuen kaiola erraldoietan
dena eros daiteke
zuen kaiola erraldoietan
hala ere kexu zara
zure kaiola erraldoi horretan
katez alda dezakezue
zuen kaiola erraldoietan


Kaiolatik irten berri den txoria bezala ikusi zaitut. Egin oihu!!!

2006/01/25

El Inquilino Comunista...2

Taldearen izena nondik datorren jakin nahi eta hortik eta hemendik begira ibili gara. Harrigarria bada ere irakurri ahal izan dugunarengatik taldearen izena taldekideen lagun batek hilerokoari horrela deitzen omen zion, El Inquilino Comunista. Ez dakigu egia den ala ez, baina azalpen oso interesgarria da. Gora Hilerokoa!

Orain beraien diskografia kutxa batean erosteko aukera dugu, 20€-ren truke hemen. Bertan "El Inquilino Comunista", "Bluff" eta "Discasto" diskak aurkituko ditugu eta hauekin batera bertsio batzuk, kanta akustikoak, etab. Hau da, aukera ezin hobea Inquilinoak etxean sartzeko.


Moonwalk


When satellite arrived, she went crazy
All in circle lines, half broke rock
The bitch goes to quick, I'm not ready
I'm getting sick, she's not pretty.

Inspirazioa nundik lortzen zuten gazte hauek? Sonic Youth-ekoek kazetari batzuek egin zieten elkarrizketa batean, inspirazioa horrela lortzen zutela esan zuten: azido piloa hartu, ezkerreko eskuan Manifiesto Comunista zutela, eskuineko eskuko bi hatzamar entxufe bezela erabiltzen zituztela. Hau dena, argi dago katxondeo hutsean ziotela eta El Inquilino Comunistakoak ere antzeko erantzun bat ematen ikusten ditut.

Beraien elkarrizketaren bat irakurri nahi baduzu, hemen duzue ElCorreo-koek Javier Letamendia taldekideari egin ziotena.

Beraie buruzko zeozer esan nahi baduzue, adibidez beraien kontzerturen batean bizitakoa, diskaren baten kritika edota zer iruditzen zaizkizun, dudarik ez izan "Comments"-etan sartzea edota tabernazuloa@euskalerria.org-era email bat bidaliz berton argitaratuko dut zuen oneritziarekin.

Aio!

2006/01/24

El Inquilino Comunista

15 urte nituen klaseko errepikatzaileak beraien disko bat utzi zidanean. Entzun beharreko Getxoko talde bat zirela esan zidan. Beno, ba etxera heldu, diska minikatean sartu eta play...play...play...mekauen#ä+#ü!!! Lehenengo 2 kantak ezin entzun. Hala ba, horrela Inquilinoren diska horretako lehenengo kanta niretzako "Domestic Lies" izatea suertatu zen. Urte pila pasa dira egun hartatik. Hainbestetan entzun izan ditut etxean eta kotxean, baina egun batean kaletik nindoala kotxe batetako lehiatila jeitsi zen eta Inquilinoren kanta bat entzun nuen. Buaaa, flipatuta! ez da horrenbesterako izango, baia egun hartan oso pozik joan nintzen etxera Inquilino etxetik kanpo entzun nuelako.
Kasete hura galtzeko ere denpora izan nuen eta halako batean lagun baten kotxean urte bete baino gehiago pasa eta gero aurkitu nuen berriro.
Orain beraien 3 diskak berriro argitaratu dituzte eta erosteko aukera dago. Info gehiago: www.elinquilinocomunista.com

Orain joan beharra dago, beste egun batetan gehiago...

aio

2006/01/22

Igandea

Asteburu gogor baten azken orduak zertan aprobetxatu daitezke? Ba gaurkoan interneten web orrialde interesgarrien bila ibili naiz. Lehengo batean aurkitu nuenarekin txundituta nago, PepSounds(pepsounds.com)izena du eta pop-rock musika gustoko duen edozeinentzat oso gomendagarria. Bertan The Byrds, Teenage Fanclub, Hefner, Yo La Tengo eta hainbeste talderi buruz idazten du. Harrigarria da benetan jendea ze jakituna den gauza batzuetan, musika kritikari nahikotxok baino gehiago dakiela esango nuke nik eta transmititzeko era oso erakargarrian esaten ditu gauzak.

Teenage Fanclub-i buruz hitzegiten duenean, benetan gustuko dituela ikusten da. Taldea betirako desegiten denean eta urteak pasatzen direnean musikaren istorian erreferentzia oso garrantzitsu bezala ikusten ditu. Talde hau zuzenean ikusteko aukerarik ez dut izan(azken aukeran, wintercase jaialdian kanpoan egon naiz) orain arte, baina bai beraien 3 disko izateko. Grand Prix izenekoa izango da beraien diskorik ezagunena eta bertako "Sparkys dream" kantarik entzunena. Beraien melodiak egiteko erreztasun hori eta gitarrek ematen dieten rock kutsu horrek izugarri erakartzen nau. Ezagutzen ez badituzu eta euskal musikaren barruan Bide Ertzean taldea gustuko baduzu, egin ezazu proba eta eman iezaiezu aukera zure igande arratsaldean sartzeko.

Bide Ertzean taldeari buruz ari garela...nola ez oroitu Deabruak Teilatuetan taldearekin?Azken hauen kontzertu bakar bat ikusteko aukera izan nuen bakarrik, 17 bat urte izango nituen eta harrituta geratu nintzen taula gainean erakusten zutenarekin. Urte haietakoak ziren ere El Inquilino Comunista, Los Planetas-en kasetean grabaturiko diskak eta Eels taldearen Madrilen lorturiko Singlea, Weezer-en The Blue Album, Lemonheads-en Come on Feel edota Its a Shame about Ray. 90garren hamarkadak talde oso onak eman zituela esan beharra dago. Azken urteetan sortu direnekin ere ezin kontrakorik esan. Franz Ferdinand, Mando Diao, Jet edota The Hives. Nola ez, ezin ahaztu Suediatik datorzkigun Caesars taldeakideak. Orain dela gutxi erosi ahal izan dudan CD bati esker, Suedian orain egiten ari diren rock-a piska bat gehiago ezagutzeko aukera izan dut. Diska honek "Atomstrom" izena du eta Munich-eko The Atomic Cafe antzokiari esker argitaratu da. Izugarria Suediar talde hauena. Hau ere diska oso gomendagarria.

Igandea alaitzeko aukera ezin hobea, diskoa minikatean sartu, bolumena eman, begiak itxi eta...

2006/01/12




18/98

Hitz hauek makrosumario horretan eta beste hainbat sumariotan inplikatuta dauden pertsonekin elkartasuna adierazteko erabili nahi ditugu tabernazuloan. Gaur Gara-n irakurri ahal izan dugunez, epaiketa 20 egun atzeratzea erabaki dute epaileek. Epaiketaren suspentsioa izan beharko luke azkenean erabakirik logikoena. Edozein estatu demokratikotan epaiketa honek ezin izango luke aurrera jarraitu, baina kasu honek ere argi adierazten digu zer nolako kiratsa botatzen duen Espainiar estatuko demokraziak.

18/98+ plataformaren web orrialdean informazio gehiago lortu daiteke, bai epaiketari buruz eta baita plataformari berari buruz ere.

Interneten 18/98 makrosumarioari buruzko informazioa bilatzen nenbilela, Pepe Uruñuela abokatu nafarraren aldeko plataformarekin topo egin dut. Gu gara Pepe izeneko plataforma aurkeztu zen 2005ko Martxoaren 5ean, eta oso interesgarria iruditu zait beraien web orrialdea ere. Pepe-rena beste kasu bat gehiago baino ez da, baina makro-sumario horretan nola sartu zaitzaketen ikusteko oso adibide ona da. Ona, baina tristea benetan. Euren web orrialdean sartzea merezi duela uste dut.

Indymedia Euskal Herria-n ere makrosumarioari buruzko informazio gehiago lor daiteke.



2006/01/06

Lehenengo ta behin, Astra Publiko baten aldeko plataformaren web orrialdera sartzea izan bada zure xedea, egin klik hemen .

Beno, azken egunotan gertatutako gauzen inguruan erreflexio batzuk egitea iruditu zait. Hor doaz bada:

1. Herritarrak: Gauzak egiteko gogoarekin ikusi dut jendea. Gazte eta ez hain gazte langile eta dinamiko baten aurrean aurkitzen gara.

2. Udaletxea: Telebistatik ñortarretxea zirudien. Herritarren eskaerei erantzunik ezin eman. Eta ez bakarrik Astrari buruzko gaian. Txarto pentsatzen hasi ezkero gauza ilunak ikusten dira. Bi aukera daude, batetik, gobernatzeko ezintasuna, edo bestetik, "listoegiak" direla. Astra ze egoeratan dagoen ikusi behar ei dute. Ezin izan dute hori arinago egin edo egoera zein den jakin eta ezjakinarenak egiten dira.

3. Asanblada: Lana erruz egin dute. Asanbladaren batetik pasatzea baino ez dago, bertan dagoen giroa ikusteko, irekia eta partehartzailea. Zer edo zer hobetzeko edo aldatzeko galdetuta, nesken lana egunerokoan oso haundia izan arren, faltan botatzen dira beraien ahotsak gehiago entzutea asanbladatan. Esateko asko dute.

4. Web orrialdea: "Puntazo" itzela. Kanpoan aurkitzen garenoi egoera jarraitu eta foroaren bitartez aportazioak egiteko aukera ematen digu. Nola ez, herrian daudenentzat ere informatu eta eztabaidatzeko era oso egokia bihurtu da.

5. Komunikabideak: Hitza, El Correo eta UTB ikusi ditut informazio gehiena ematen. Faltan botatzen dira Gara, Berria eta Deia. (Urtarrilaren 3tik aurrera EHtik kanpo nagoenez gauzal aldatu ahal izan dira). Asanbladatik komunikazio lan oso ona egin dela uste dut.

6. Asanbladaren finantziazioa: Kartelak, AstraExtra, bestelakoak...orain arte izan diren hainbeste gastu eta etorkizunean izango direnak asko dira. Denon artean laguntzea ezinbestekoa da. Asanbladatan entzun diren ideia batzuk iada martxan daude, bono laguntza, rifak, etab...beste batzuk martxan jartzeko dira.

7. Talde kulturalekiko komunikazioa: Horretan diharduen lantaldea martxan da. Ezinbesteko atala.

8. Herriarekiko komunikazioa: Herriak Astra Publiko baten zergatia ulertzea nahi bada, hori azaldu egin behar da. Orain arteko lana ona izan bada ere, asanbladatan esan denez, ahalik eta jende gehienari azaldu behar zaizkio arrazoiak. AstraExtra berri baten beharra entzun zen azken asanbladan.

9. Etorkizuna: Berde kolorez ikusten da etorkizuna, Astra Publiko, herrikoi eta partehartzailearekin.

2006/01/02

Zapatua 31, arratsaldeko 5ak Gernikako Merkurio plazan

Horixe zen egun, ordu eta lekua. Bertan batu ginen 1.000 bat lagun Astra Publiko baten alde oihu egiteko. Azken egunetan herrian zer edo zer berezia somatzen zen. Hura ez zen egun arrunt bat, azken egun, aste, hilabete eta urteetan Gernika aldean eratu den belaunaldi berri baten taupadak entzuten ziren. Belaunaldi honetan 13 urteko neskatxa batek edota 65 urteko gizon batek parte hartzen dute. Sortzeko, hazteko, ikasteko, elkartrukatzeko gogoa dago herrian. Hainbeste denboran gordea izan den sentimendu multzo horrek egun seinalatu bat izan zuen zapatuan, argitara irten baitzen herrian pilpilean dagoen indarra.

Jai giroan igaro genuen 5etan hasi eta 6:45tan amaitu zen ekitaldi osoa. Askotan bizitzen ez diren uneak bizi izan genituen ia 2 ordu horietan eta jende askoren erretinetan grabatuta geratuko dira bertan ikusi ziren hainbeste irudi eta momentu. Jende andana bildu zen zapatuan, ze demontre! Harro egoteko modukoa izan zen hura! Noski, plataformatik egiten ari diren lana aipatzeko modukoa dela esan behar da, dena ongi irten zedin lana erruz egin baidute.

Eta zapatukoaren ostean zer? Ba lan egiten jarraitzea baino ez da geratzen. Astra Publiko baten alde adierazi garenok asko gara eta oraindik gehiago izango gara, herrian Astra Publiko baten beharra dagoela ikusi baita. Arrazoia gure alde egonda, lan txukun batek eta herriaren sostenguak ekarriko digute espero dugun berria, Astra Publikoa izatea.

Besterik barik, tabernazuloan zapatukoa ez dela denbora luze baten ahaztuko ziur izan. Laister arte!


Contador de visitas