Taberna zulotik idatzitako hitzak. Ideiak, paranoiak,ametsak,...

2006/01/02

Zapatua 31, arratsaldeko 5ak Gernikako Merkurio plazan

Horixe zen egun, ordu eta lekua. Bertan batu ginen 1.000 bat lagun Astra Publiko baten alde oihu egiteko. Azken egunetan herrian zer edo zer berezia somatzen zen. Hura ez zen egun arrunt bat, azken egun, aste, hilabete eta urteetan Gernika aldean eratu den belaunaldi berri baten taupadak entzuten ziren. Belaunaldi honetan 13 urteko neskatxa batek edota 65 urteko gizon batek parte hartzen dute. Sortzeko, hazteko, ikasteko, elkartrukatzeko gogoa dago herrian. Hainbeste denboran gordea izan den sentimendu multzo horrek egun seinalatu bat izan zuen zapatuan, argitara irten baitzen herrian pilpilean dagoen indarra.

Jai giroan igaro genuen 5etan hasi eta 6:45tan amaitu zen ekitaldi osoa. Askotan bizitzen ez diren uneak bizi izan genituen ia 2 ordu horietan eta jende askoren erretinetan grabatuta geratuko dira bertan ikusi ziren hainbeste irudi eta momentu. Jende andana bildu zen zapatuan, ze demontre! Harro egoteko modukoa izan zen hura! Noski, plataformatik egiten ari diren lana aipatzeko modukoa dela esan behar da, dena ongi irten zedin lana erruz egin baidute.

Eta zapatukoaren ostean zer? Ba lan egiten jarraitzea baino ez da geratzen. Astra Publiko baten alde adierazi garenok asko gara eta oraindik gehiago izango gara, herrian Astra Publiko baten beharra dagoela ikusi baita. Arrazoia gure alde egonda, lan txukun batek eta herriaren sostenguak ekarriko digute espero dugun berria, Astra Publikoa izatea.

Besterik barik, tabernazuloan zapatukoa ez dela denbora luze baten ahaztuko ziur izan. Laister arte!


Contador de visitas